XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Azaroaren 21eko 19/1997 Legea, Euskadiko Podologoen Elkargoa Sortzekoa. (Osoko Bilkuraren erabakia) (05/09.01.00.0028)

Eusko Legebiltzarraren Araudian xedatutakoaren arabera eta 1997ko azaroaren 21eko ohizko osoko bilkuran hartutako erabakia gauzatuz, agintzen da Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofizialean argitara dadila azaroaren 21eko 19/1997 Legea, Euskadiko Podologoen Elkargoa Sortzekoa.

Eusko Legebiltzarreko lehendakaria, Joseba Andoni Leizaola Azpiazu.

M.ª TERESA RODRÍGUEZ BARAHONA EUSKO LEGEBILTZARREKO MAHAIKO LEHEN IDAZKARIAK

Eusko Legebiltzarrak, mila bederatziehun eta laurogeita hamazazpiko azaroaren hogeita batean balio osoz egindako osoko bilkuran, arauzko tramiteak bete ondoren, onetsi egin du azaroaren 21eko 19/1997 Legea, Euskadiko Podologoen Elkargoa Sortzekoa, honekin batera doan eranskinean hitzez hitz ematen den testuarekin.

Eta horrela jasota gera dadin, eta gauzatzeari begira, ziurtagiri hau egiten dut Eusko Legebiltzarreko lehendakari jaun txit gorenaren oniritziarekin, Vitoria-Gasteizen, mila bederatziehun eta laurogeita hamazazpiko azaroaren hogeita batean.

Mahaiko lehen idazkaria, M.ª Teresa Rodríguez Barahona. Oniritzia, Eusko Legebiltzarreko lehendakaria, Joseba Andoni Leizaola Azpiazu.

ZIURTAGIRIAREN ERANSKINA

AZAROAREN 21EKO 19/1997 LEGEA, EUSKADIKO PODOLOGOEN ELKARGOA SORTZEKOA.

ZIOEN ADIERAZPENA

Autonomia Estatutuak, bere 10.22 atalean, eskumen osoa aitortzen dio Euskal Autonomia Erkidegoari elkargoen arloan eta tituludun lanbideen jardun-arloan, Konstituzioaren 36 eta 139. ataletan ezarritakoaren kaltetan joan gabe.

Bestalde, Autonomia Estatutuaren aldibaterako zazpigarren xedapenean ezarritakoari jarraiki eta arlo hori Eusko Legebiltzarrak arautzen ez duen artean, erabili beharreko legea Elkargoak Arautzen dituen otsailaren 13ko 2/1974 Legea da, abenduaren 26ko 74/1978 Legeak eta apirilaren 14ko 7/1997 Legeak aldatua izan dena.

Horrexegatik, otsailaren 13ko 2/1974 Legearen 4. atala aintzat hartuz, Euskadiko Podologoen Elkargoen aldeko Juntek probintzia-mailako elkargoak sortzeko eskatu zuten, baina bai profesional-kopuruagatik, bai lurralde-esparruagatik, egokiagotzat jotzen da autonomia-erkidegoko mailakoa izatea.

Derrigorrez titulazio ofiziala behar duten osasun-arloko lanbideen artetik, podologia gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari da; hala erakusten du Podologiako Unibertsitate Diplomatura sortu zuen ekainaren 24ko 649/1988 Errege Dekretuaren ondorioz antzeko diziplinetatik bereizi izanak.

Podologoaren esparru terapeutikoak oinetako gaitzak eta ajeak hartzen ditu eta behe-mailako kirurgiari dagozkion manipulazioetara mugatzen da soil-soilik.

Herri- onuraren ikuspegitik, beraz, komenigarritzat jotzen da zuzenbide publikoko korporazio bat sortzea, barne-egitura eta jardunbidea demokraziaren araberakoak dituena, aipaturiko otsailaren 13ko 2/1974 Legean ezarritakoa aintzat harturik.

1. atala.- Sorrera

Euskadiko Podologoen Elkargoa sortzen da, zuzenbide publikoko korporazio gisa, bere nortasun juridikoa duela, bai eta berezkoak dituen helburuak eta eginkizunak betetzeko gaitasun osoa ere.

2. atala.- Lurralde-esparrua

Euskadiko Podologoen Elkargoaren lurralde- esparrua Euskal Autonomia Erkidegokoarena izango da.

3. atala.- Pertsona-esparrua

Podologiako Diplomatu titulua dutenek izango dute Euskadiko Podologoen Elkargoan sartzeko aukera, hala ezarrita baitago ekainaren 24ko 649/1988 Errege Dekretuan eta haren garapen-arauetan.

Era berean, martxoaren 29ko 727/1962 Dekretuan arauturiko Podologo Diplomaren jabe direnak ere kidetu ahal izango dira, 649/1988 Errege Dekretuan lanbide- eskubideak aitortzen baitzaizkie.

ALDIBATERAKO XEDAPENAK

Lehenengoa.- Eraketa

Euskadiko Podologoen Elkargoaren gobernu- organoak eratzen diren unean hartuko du jarduteko gaitasuna, lege honen eta elkargoaren estatutuen arabera.

Bigarrena.- Batzorde kudeatzailea

Euskadiko Podologoen Elkargoen aldeko Juntek batzorde kudeatzailea izendatuko dute.

Batzorde horrek, sei hilabeteko epean lege hau indarrean jartzen denetik, Euskadiko Podologoen Elkargoaren behin-behineko estatutuak onartuko ditu.

Estatutu horietan elkargoa eratzeko batzarra arautuko da, onartutako profesional-errolda kontuan hartuko delarik, eta deialdiaren forma eta batzarra garatzeko jardunbidea zehaztuko dira.

Batzarraren deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Euskal Autonomia Erkidegoan zabalkunderik gehien duten egunkarietan argitaratuko da.

Hirugarrena.- Pertsona-esparrua

Euskal Autonomia Erkidegoko Podologoen Elkargoa eratzeko batzarraren egitekoak izango dira:

a) Elkargoko behin betiko estatutuak lantzea eta onartzea.

b) Elkargoaren gobernu-organoetako kideak aukeratzea.

Laugarrena.- Estatutuak onartzea eta argitaratzea

Elkargoa eratzeko batzarraren akta, bertan elkargoaren estatutuak eta gobernu-organoen osaera jasota, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko organo eskudunari bidaliko zaio, organo horrek ikus dezan legezkotasunera egokitzen den eta estatutuak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agindu dezan.

AZKEN XEDAPENA

Bakarra.- Indarraldia

Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.